Izandako abeslariak

Orain, abesbatzako kideen izenak aipatuko ditugu; gure aitzindariek Biotz Alain abesten erakutsi zuten zaletasuna eta maitasunaren oinordekoak gara. Hala ere, egia esteko, abesbatzako kide ohien artean bada itzal berezia utzi zuenik; hauen artean, Iñaki Urrutia Gorordo aipatuko dugu lehenik. Iñaki, abesbatza sortu zenetik (1923. urtea), 90 hamarkadaren bukaera arte egon da koruan; laurogeita hamar urte ongi pasata utzi zuen abesbatza. Iñakik abesbatzak kantatzen zituen partitura guztien kopiak egin zituen eskuz eta izugarrizko maisutasunez. Partituren kopiak Eresbilen artxiboan daude, behar dituen edonoren esku. Zubizarreta anaiak ere ezin ahaztu: haietako lauk jantzi zituzten abesbatzako uniformeak. Beste kide batzuek ere arrasto nabarmena utzi zuten abesbatzan, eta lokalean euren ahots eta pasadizoen oihartzuna betiko geratuko da: Enrique Aguirre, Eloy Batiz, Karmel Ariño eta bere ahots baxu sendoa, Iñaki Lores, Santi Uria eta konta ezineko beste asko. Beti Biotz Alairen oroimenaren aterpean izango dute beren txokoa.

Aurreko zuzendariak

MANUEL GAINZA PLAZAOLA.

Tolosan jaio zen (Gipuzkoa) eta musikako ikasketak Felipe Gorritirekin hasi zituen, eta gero Donostiako Musika Ikastegian Eduardo Mokoroarekin jarraitu zuen; bertan, bere ikasketak luzatzeko beka irabazi zuen. Sestao, Gorliz, Gernika eta Getxoko musika-bandak zuzendu zituen, azken hau 1943 urtera arte, hil zen urtera arte alegia. Sestaon, musika-banda eta parrokiako organoaren arduradun izateaz gain, “Trabajo y Cultura” orfeoia zein “Sociedad Coral de Portugalete” zuzendu zituen 1906 eta 1907 urteetan. Getxon, bertako Udal Musika-bandaz arduratu zen 1919. urtean, eta 1923an “Sociedad Coral de Guecho”, Biotz Alai Abesbatzaren aitzindaria preseski, zuzendu zuen. Hala ere, abesbatzak zuzendu arren, bere konposizioen artean ez da abesbatzentzako lanik ezagutzen; ostera, eginak ditu txistu, banda eta orkestrarentzako obrak.

 

ANGEL URIGUEN

Durangokoa, apaiz egin eta Bariko san Nikolas parrokiara (Algorta) bidali zuten. Bertan organojole lanak hartu zituen. Gizonezkoen korua zen Getxoko Abesbatza Elkartea-n emakumezkoak sartu eta misto bihurtu zuen; eta gainera, talde berri honi Biotz Alai izena eman zioten, alegia, egungo abesbatzeren izena. Abesbatza misto hark, parrokiako eliz-musikaz arduratzeaz gainera, hainbat kontzertu eman zituen udalerriaren barruan, horietako batzuk Udal Musika-bandarekin batera

 

JUAN JOSE GAINZA REBOLLAR (1966-1988)

Manuel Gainza “Sociedad Coral de Guecho”-ren sortzailearen semea dugu Juan Jose. Getxon jaioa eta oraingo Biotz Alai abesbatzaren sustatzeilea izan zen. Musika ikasketak bere aitarekin hasi zituen, eta musikazaletasunak bultzatuta, solfeo, piano, harmonia eta instrumentazioa ikasketak burutu zituen. 1966an Biotz Alai Abesbatzaren zuzendaritza hartu eta berregituratu egin zuen; ahots grabeen abesbatza bihurtu zuen ostera. Osasun arazoak tarteko 1988ra arte egin zituen zuzendari lanak. Bere zuzendaritzapean abesbatzak lorpen handiak erdietsi zituen Espainian zein atzerrian, eta irabazle izan zen lehiaketa ugaritan. Sari ugari ere eskuratu zituen Europan zeharko alarde eta jaialdi desberdinetan. Algortako Bariko san Nikolas parrokiako emakumeen abesbatza zuzentzeneta eliza honetako organoa jotzen ibili zen bere azken ureetan. 2012an hil zen.

 

JAVIER OIARZABAL (1988-2009)

Algortan (Getxo) jaio zen 1962ko abenduaren 3an familia oso musikazale batean. Musika hastapenak bere amaren eskutik egin ondoren, Bilboko Arriagako Juan Crisostomo Kontserbatorioan burutu zituen musika ikasketak. Bertan solfeoa, pianoa, gitarra eta armonia ikasketetan nota bikainak lortu zituen. 1983an, 21 urterekin, eta Ingeniaritza ikasketak egin bitarteko parentesiaren ondoren, bere musika karrerari heldu zion berriro, eta bere jaioterriko abeslari ospetsuenen pianojole ibili zen. Horrela, hainbat kontzertu eskaini zituen, besteak beste, Santos Ariño eta Jose Antonio Urdiainekin batera. Azkenik, 1980an Biotz Alai Abesbatzan sartu zen, eta 1988an zuzendariaren lekua hartu zuen ordura arte lan horretan izan zen Juan Jose Gainzaren ordez. 2009an bere lekua Josu Soldevillari utzi zion.

 

JOSU SOLDEVILLA (2009-2015)

Urduñan jaio zen (Bizkaia), 1948an. Musika prestakuntza zabala dauka: solfeo, pianoa, harmonia, konposizio, zuzendaritza eta organo ikasketak egin ditu Espainia, Frantzia eta Hungariako musika zentro askotan. Lan handia egin du organo-jole gisa; esaterako, Bilboko Orkestra Sinfonikoan, Sevillakoan, Bilboko Ganbera Orkestran, Bilboko Abesbatzan, Errenteriako Andra Mari Abesbatzan, Bilboko Operako Abesbatzan eta San Antongo Abesbatzan, besteak beste. Gainera, organo-jole solista izan da Espainiako hainbat jaialditan: Burgosen, Sevillan, Jerez de la Frontera-n, Osunan, Bilboko Aste Sakroan, Segovian, Lekeitioko Nazioarteko Jaialdian, eta abar. Konpositore gisa, piano, organo, orkestra, abesbatza, txistu eta ganberako formazio ezberdinentzako lanak idatzi ditu. Bestalde, Ars Viva abesbatza, Ntra. Sra. de Begoña Eskolania, Orpheo Kamara eta Lamindao musika taldeak sortu ditu. 2009az geroztik Biotz Alai Abesbatza zuzentzen du.

 

GORKA GARCIA ERAUZKIN (2015eko irailetik abendura)

Zuzendari berria bilatzea aritu ginen bitartean berak egin zituen zuzendari lanak.

 

JUANLU DÍAZ-EMPARANZA (2016- )

2016ko urtarrilean hartu zuen abesbatza zuzentzeko eginkizuna. Ilusio handia erakusten du.